2012/01/08

Urtarrileko ikastarorako lan-plana

Ongi etorri Maizpidera. Urte berri on ezagunoi eta ezezagunoi.
Talde honetako arduradurak, Trinik, eta beste hiru irakasleok adostu dugun lan-banaketaren arabera, lehen saioan (9-11) gai-lanketan jardungo duzue; bigarrenean, proiektugintzan (11:30-13:30); eta hirugarrenean (16:30-18:30), hizkuntz egiturak landuko dituzue. Beraz, arratsaldeko saioan, hizkuntzaren berariazko lanketa izango duzue, eta, goizeko bietan, zeharkakoa: hizkuntzan bertan fokalizatu ordez, beste eginkizun batean fokalizatu eta hizkuntz trebetasunak zeharka landuko ditugu.
Goizeko saioetan ere izango da hizkuntzaren berariazko lanketa: irakasleak beharrezko ikusten duen guztietan emango ditu azalpenak eta egingo ditugu ariketak. Zer esanik ez, proiektugintzako saioan, beste trebetasunekin batera, aparteko presentzia izango duenez idazmenak, zuek idatzitakoaren gaineko zuzenketa-proposamenak egingo dizkizue irakasleak.
Hori lan-banaketa orokorrari dagokiona.
Gure saioaren lan-planera etorrita, bigarren saioarenera, hona egitasmoa:

  • Nork bere bloga izango dugu. Blog guztien jarraitzaile bihurtuko gara gutako bakoitza. Horrela, gutako bakoitzak sarrera berri bat idazten duenean, beste guztiok jakingo dugu eta elkarren sarrerei geure iruzkinak gehitu ahal izango dizkiegu. Bloga bera izango da ikastaro osoan zehar iraungo duen makro-proiektua.
  • Bloga makro-proiektuak, langai gisa ez ezik, gainerako proiektuen erakusleiho gisa ere balio izango digu. Honelakoak izan daitezke proiektu txikiago horiek: bideo-dokumentalen eta power pointen itzulpenak, ikerketa txikiak (Maizpiden edo Lazkaon), antzerki-esketxen bideoak, gai bati buruzko dokumentala...
  • Gainera, zuen idazlan guztiak sarrera bezala argitaratuko dituzue blogean. Era horretan, gainerako taldekideek irakurri eta ekarpenak egin ahal izango dizkiegu idazlan horiei.
  • Idatzizko sarrerak ez ezik, ahozkoak ere sartuko ditugu. Bakoitzek 10 minutu inguruko gai baten azalpena prestatu eta bideoak grabatzea proposatzen dizuet. 
Horra eginkizunak. Orain eginkizun horien maiztasunak zehaztea bakarrik falta zaigu. Zenbat lan egingo ditugu ikastaroan zehar? Zein lan? Egunero idazlan bat egiteko ohitura dugu Maizpiden eta horri eustea proposatzen dizuet. Hori izango da zuen etxeko lana. Beraz, bide horretatik, astean lauzpabost sarrera bakoitzak idaztea espero dut.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Ondo esandakoak ondo hartzen eta gaizki esanak barkatzen dituzun seinale, utz ezazu zure iritzia, mesedez.